“Kukai konpainiak dantza tradizionaletik abiatutako sorkuntza jorratzen du; bidean bakarkako sormenak zein sortzaile ugarirekin egindako kolaborazioak bilduz”
Kukai Errenterian sortu eta kokatutako dantza konpainia da; Jon Maya dantzari eta koreografoaren ekimenez sortu zen, 2001. urtean. Euskal dantza tradizionaletik abiatuta ikuskizun garaikideak sortzen ditu, beste arte jarduera zein dantza estiloekin elkarlanak bultzatuz.
Konpainiak “Deiadarra” izeneko koreografia laburrarekin zion ibilbideari. Ondotik, bere sormen proiektua lan ildo ezberdinetan sakonduz garatu du. Hala, Tanttaka Teatroarekin elkarlan estua du, eta 2002. urteaz geroztik proiektu eszeniko bereziak sortu ditu berarekin. 2008. urtean, nazioarteko koreografo garaikideak konpainiara gonbidatuz, ibilbide berri eta oparoa abiatu zuen konpainiak. Orduz geroztik, Marcos Morau, Cesc Gelabert, Israel Galvan, Sharon Fridman, La Intrusa Danza, Jone San Martin eta abarrekin batera hainbat ikuskizun sortu ditu. Halaber, nabarmentzekoa da Kukai Dantzak proiektu bereziak garatzeko erakusten duen gaitasuna. Lengoai, espazio eta gertakari ezberdinei egokitutako sormenak burutu ditu zinema, moda, arte plastiko, arkitektura edota gastronomiarekin harremanetan. Ezin dira ahantzi musikari ezberdinekin egin ohi dituen kolaborazioak ere. Besteak beste, kolaboazio proiektuak landu ditu Oreka Tx, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Carlos Nuñez, Juan Mari Beltran, Iñaki Salvador eta abarrekin.
Kukai Dantzak hainbat sari eskuratu ditu bere ibilbidean zehar.
Dantza ikuskizun Onenari Max Saria 2017. urtean, Dantza telde onenari MAX Saria 2015 eta 2017 urteetan, Leioako Umore Azokako Ohorezko Saria 2016. urtean, Dantza ikuskizun Onena Hueskako Dantza eta Antzerki jaialdian 2014 eta 2016 urteetan, Aipamen Berezia Valladolideko Nazioarteko Kaleko Arteen Jaialdian, Donostia Antzerki Saria 2003…
Errenterian konpainia egoilarra izanik, publikoak sortu eta sentsibilizatzeko proiektu berezia garatzen du bertan, Errenteriako Udalarekin batera. Arlo sozialean, hainbat proiektu bideratzen ditu dantzaren bitartez aniztasuna, elkartasuna eta formazioa sustatuz.